XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DEABRUAREN EZTARRIA Ordubete besterik ez zen igaro haizea baretu zenetik. Grisa zegoen ortzia eta berunaren kolorekoa Klodoaldoren begiek harrapatzen zuten espazioa, zuhaitz bilutsetatik ibaiaren ertzetaraino.

Eguraldiaren sekretuak ezagutzen dituenaren keinua somatzen zitzaion ezpain estutuetan eta, erromes makilarekin bideko harlosari emanez, bizkortu egin zuen pausoa.

Hobe diat mugitzea, zioskan berekiko, bestela bertan izango diat elurra ostatura iritsi baino lehen.

Hogei bat minutugatik ez zen libratu.

Hotz zen eta haserako euri fina elur maltzurra bihurtu zitzaion berehala.

Mara mara ari zuen Orreagara iritsi zenerako.

Gizona ez zen haserretu.

Urteak ziren ez zuela ostatua horren misteriotsua eta, halaber, horren abegikorra ikusten.

Askotan zeuzkan elurretan ikusita urrutiko Okabe eta Errozate... eta, zer esanik ez, Ortzanzurieta maldatsu hura.

Baina Orreaga... hura zen lehenengo aldia.

Eta dotore egiten zuen.

Oinetako mantarrak blai egonarren irribartsu deitu zuen ostatuko atean.

Han ez ziren Nafarroako ardo beltza eta ogi gozoa inoiz faltan izaten.

Ummm... Eguraldiak horrela jarraitzen badik....

Oparoa izan zen afaria eta asetuen plazerrezko berotasuna sentitzen zuen gorputzean Klodoaldok oheratu zenean.

Gutxi falta zitzaion errosarioaren azken agurmariak errezatzeko.

Nekatuta sentitzen zen eta berehala bukatu zituen.

, jarraitu zuen lehen bezala latinez.

Hura izaten zen bere azken otoitza.

Gero... Ze arraio! Ezin diat lo hartu! Begiak ireki eta leihora begiratu zuen.

Dagoeneko elurrak jana zion behekaldea kristalari.

Zaratarik gabe baina etengabe ari zuen bere erasoketa hotz eta lasaian.

Honek paketzen ez banau.... Baina ez. Ezin zuen.

Elurra baino boteretsuagoa zen monje eskoziar hark afal ostean kontatutakoa.

Uhainka zetorkion behin eta berriro burura....

Eskoziako urruneko lurraldean bazen behin sakristau gazte bat.

Ile gorrixka jauzika erortzen zitzaion